Aurpegia berritu diogu Umapi

2016-02-10 09:42

Azken egunotan aldaketa batzuk egin ditugu gure webgunean. Hasteko, aurpegia berritu diogu Umap.eus webgunearen sarrera-orriari. Lehen euskarazko txioen streaming-ak hartzen zuen zatirik handiena, eta zerrenda/estatistikak bazter batean genituen. Hemendik aurrera, rankin eta estatistikak nabarmenduko dira azalean. Izan ere, txioen streaminga kendu egin dugu Umap aplikaziotik, eta horrek ondorio batzuk ere izango ditu datuen azterketan, datozen egunotan azalduko dugun bezala.

Bai, beharbada, horixe da egin dugun aldaketa nabarmenena. Orain arte, euskal txiolarien time-linea genuen Umapeko azalean, denbora errealean erakusten genuen zer ari ginen txiokatzen euskaldunok Twitterren. Streaming horrek, baina, lan-karga handia sortzen zigun informazioa jaso, antolatu eta aztertzeko orduan. Horregatik, 2016. urte hasieratik, gure datu-basea eta Umapek daukan lan egiteko modua, aldatu egin ditugu. Jarraitzen dugu euskal txiolari guztien datuak bildu eta aztertzen, baina hori beste azpiegitura batean egiten dugu, ez zuzenean Umapeko alderdi publikoan.

Ondorioz, 2 aldaketa izango ditugu Umapen datozen egunotan. Lehenengoa gaur bertan daukazu ikusgai: Umap.eus webgunearen azala aldatu egin dugu. Itxuraz eta diseinuz  pixkat berritzeko aprobetxatu dugu eta, batez ere, egitura aldatu diogu. Lehen nagusi zen txiolarien jario jarraia desagertu egin da azal horretatik, eta hemendik aurrera zerrendak eta estatistikak nagusituko dira: erabiltzaileen rankinak arloka, iturri eta joeren datuak, eta euskal txiolarien eta euskara-erabileraren inguruko estatistikak.

Datozen egunotan beste aldaketa bat ere nabarituko duzue. Euskal txiolarien jarduna neurtzeko modua ere aldatu egin dugu (denbora errealeko jario etengabean oinarritu beharrean, beste mekanismo bat erabiliko dugu datu-bilketa egiteko), eta horrek estatistikak kalkulatzeko modua ere aldatuko du. Funtsean, ez litzateke alde handirik egon beharko lortutako emaitzetan, baina baliteke alde txikiren bat egotea, bai erabiltzaile aktiboen detekzioan, zein euskara-erabileraren datuetan. Azken batean, aldatzen dena da, gure robotek eta makinek lan egiteko darabilten modua. Hortik kanpo, Umapek orain arte bezala jarraituko du: zuentzat guztiontzat, Twitterreko euskarazko jarduna jaso, katalogatu eta neurtzen.

Datozen egunotan emango dizuegu horren berri.

Iruzkindu

Twitter ikonoa

Erantzuna emateko, Twitter bidez erregistratu behar zara.