Ipar Euskal Herriko txiolarien datu soziolinguistiko zenbait

2014-10-07 12:03

Ttitto Betbederren laguntzarekin, Ipar Euskal Herriko euskal txiolariak identifikatu ditugu, eta euren jardueraren inguruko zenbait datu laburbilduko dizkizuegu: Iparraldeko twitterlariek %65 txiokatzen dute euskaraz, %10-15 frantsesez eta eta %6-8 espainolez.

Duela aste batzuk, Titto Betbeder Euskal Irratiak Federazioko arduradunak, Ipar Euskal Herriko txiolarien azterketa txiki bat aurreratu zuen, Umap-eko rankineko lehenengo 1000 erabiltzaileak gainbegiratu ostean.

Alde batetik, Iparraldeko txiolariak identifikatu zituen, gainontzeko euskal twitterlarien artean. Eta zenbait ondorio ere atera zituen, besteak beste, euskaraz gehien txiotatzen dutenak hedabide eta kazetariak direla, eta gizarteko hainbat esparruk oso leku txikia duela euskarazko Twitterren (politikariak, kirolariak, instituzioak, kultura...).

Ipar Euskal Herriko txiolarien rankina ere egin zuen; honatx aurreneko hamarrak:

  1. @kazetainfo
  2. @euskalirratiak
  3. @idurreski
  4. @IEHkohitza
  5. @txuriya
  6. @seaskaikastola
  7. @enekobidegain
  8. @xalbadorrenea
  9. @FranckDolosor
  10. @EkhiErremundegi

 

Ipar Euskal Herriko txiolarien profil linguistikoa

Hasierako lan horretatik abiatuta, Ttittok lanean jarraitu du, eta Umapen azaltzen diren Iparraldeko txiolariak zerrendatu ditu. Hau da, euskaraz txiokatzen duten twitterlariak (gehientsuenak, bederen) ideintifikatu ditu; Umapen jarraitzen ditugun 5000 txiolarietatik Iparraldeko 63 aurkitu ditu Betbederrek. Eta gure aldetik, erabiltzaile horien datuak jaso eta aztertu ditugu. Hauxe da irten zaigun grafikoa (egin klik handitzeko), hilez hileko hizkuntza-erabilera laburbilduz:

 

Datu horiei begira, laburpen txiki bat:

  • Euskal txiolarien artean Iparraldekoak %2 inguru dira (euskal hiztunen %7 izanik).
  • Txio kopuru orokorrari dagokionez, hilean 5000-6000 aldiz txiokatzen dute (euskal twitterlariek orotara egindakoen %1).
  • Hasierako urteetan (2009-2011) datuak ez dira oso esanguratsuak, garai hartan oso gutxi zirelako Twitterren zebiltzan Iparraldeko txiolariak. 2012tik hona egonkorragoak (eta fidagarriagoak) dira.
  • Azken 3 urteotan, euskara erabilera %65 ingurukoa izan da txiolari hauen artean. Gutxien %57 (2014ko abuztuan), gehien %72 (2013ko martxoan). Beti ere, Euskal Herriko datu orokorretik gora (Hegoaldeko txiolarien artean %50 inguruan dago euskarazko txioen kopurua).
  • Frantsesezko txioen kopurua askoz gora-beheratsuagoa izan da, baina %10-15 bitartean dago hilabeterik gehienetan. Hegoaldean, aldiz, gaztelaniera askoz gehiago erabiltzen da (%30 inguru).
  • Espainolak ere garrantzia du txiolari hauen jardunean, eta txioen %6-8 inguru dira hizkuntza horretan. Hilabete batzuetan, frantsesaren pare egon da espainolaren erabilera. Kontuan izan, frantsesaren erabilera Hegoaldean anekdotikoa dela, hutsaren hurrengoa.
  • Ingelesa, aldiz, gutxi erabiltzen da, Hegoaldean baino askoz gutxiago (%7 Hegoaldean, %2 Iparraldean).

Datu horien harira, esango genuke Iparraldeko txiolariak "hegoaldeko" txiolarien profilera hurbiltzen direla. Sareko komunitate bereko kide izanik, eta kopuruz askoz gutxiago, Hegoaldeko hizkuntzetara hurbiltzen dira, elkar komunikatzeko. Hartara, euskara gehiago erabiltzen dute, frantsesa gutxi(ago), eta espainola ere neurri hazi samarrean darabilte. Datuek nolabait erakutsiko lukete euskal txiolarien komunitate bat existitzen dela, mugak ez gaituela banatzen, kasu honetan. Hala ere, beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira edozein azterketa egin aurretik, besteak beste, Iparraldeko txiolarien kopurua txikiegia dela ondorio sendorik ateratzeko (gainera, horietako gutxi batzuk bakarrik dira maiztasunez txiokatzen dutenak), eta Iparraldeko erabiltzaileen artean jatorriz Hegoaldekoa denik ere badela.

Oraingoz, lehenengo hurbilketa bezala plazaratzen ditugu datuok.

Oharra(k):

  • Goiko datu eta azterketak behin behinekoak eta gutxi gorabeherakoak dira, noski. Umapen 5000 txiolari inguru jarraitzen ditugu (euskaraz eta maiztasunez txiokatzen dutenak) eta horien artean Ipar Euskal Herriko 63 identifikatu ditugu. Ez dira kopuru absolutuak, hortaz.
  • Azterketa hau, Umapen garatzen ari garen erreminta berri bati esker egin dugu. Datozen hilabeteetan informazio zabalagoa emango dizuegu horri buruz.
  • Umapeko hizkuntza-detektoreaz argibideak hemen.
  • Iparraldeko txiolariren bat falta dela konturatzen bazara, esaiguzu mesedez.

 

 

 

Iruzkindu

Twitter ikonoa

Erantzuna emateko, Twitter bidez erregistratu behar zara.