Twitterreko euskal komunitatea eta euskararen erabilera: 2015eko iraileko estatistikak

2015-10-23 13:40

Iraileko datuen laburpena dakarkigu. Azken hilabetean 6.715 erabiltzaile aktibo izan ditugu gure zerrendan. Idatzitako txioei dagokionez, komunitateko erabiltzaile aktibo horiek 411.352 txio bota ditugu sarera (%52,06 euskaraz). Egunero, bataz beste, 7.138 euskarazko txio argitaratu dira.

Irailean zehar, orotara, 6.715 erabiltzaile aktibo izan ditugu gure Rankingean,   egunen batean edo bestean txiokatzen, behinik behin. Datu-basean, guztira 30.000 hautagaitik gora jarraitzen ditugu, baina horietatik 6.715 izan dira gure irizpideen arabera komunitateko kide bezala identifikatu ditugunak (hilean zehar aktiboak izan direnak eta euskaraz idatzi dutenak). 

Idatzitako txioei dagokionez, komunitateko erabiltzaile guzti horien artean 411.352 txio bota ditugu, horietatik 214.162 (%52,06) euskaraz. Egunero, bataz beste, 7.138 tuit argitaratu ditugu euskaraz. Euskara-erabilera bataz besteko historikoan ibili da, gutxi gora-behera (%47-%54 inguruan dabil ia hilero).

Gainontzeko hizkuntzen artean ez dago aldaketa handirik aurreko hilabeteekin alderatuta: mezuen %32 gaztelaniaz idatzi dira, %6 ingelesez eta %1 frantsesez. Txioen %9 geratu da hizkuntza zehaztu gabe (mezu elebidunak, emotikono hutsak,...) edo beste hizkuntza batean (batez ere, katalanez). Hizkuntza-detekzioaz informazio gehiago beste albiste honetan.

Erabiltzaileen profila aztertzeko orduan, totalaren %29a da "batez ere euskaraz" idazten duena (euskaraz %80 baino gehiago). Beste %19k ere euskara lehenesten du (txioen %60tik gora euskaraz), eta %22ak euskara eta beste hizkuntza batzuk tartekatzen ditu, neurri beretsuan.


Sustatu.eus | Euskara erabilera Twitterren, Umap 2015eko iraila © cc-by-sa: sustatu

Esan bezala, azken hilean 400.000 txio baino gehiago bota ditugu euskal txiolariok. Hala ere, alde handia dago erabiltzaileen artean. Komunitate osoaren zati txiki batek sortzen du edukiaren zatirik handiena: erabiltzaileen %18,71ak bakarrik txiokatzen du, bataz beste, egunean euskarazko txio bat edo gehiago (1256 erabiltzaile, guztira).

Orain arteko hileroko txosten guztiak gure artxiboan. Eta iraileko datuen inguruko informazio gehiago ondorengo PDF honetan.

Iruzkindu

Twitter ikonoa

Erantzuna emateko, Twitter bidez erregistratu behar zara.