Zeintzuk dira jarraitzaile gehien dituzten euskal twitterlariak

2016-07-14 12:01

Twitter bidez egin dute galdera hori asteburuan: zeintzuk dira jarraitzaile gehien dituzten euskal txiolariak? UMAP.eus erremintari esker jakin dezakegu hori. Izan ere, UMAPek Twitterreko euskarazko jarduna batu eta aztertzen du eta, besteak beste, euskaraz ari diren Twitter kontu jarraituenak zeintzuk diren jakin dezakegu. Zalantzarik gabe, une honetan Asier Illarramendi (@illarra4) futbolaria da euskaraz egiten duen txiolari jarraituena (385.905 jarraitzaile). Hona hemen zerrendako hurrengoak.

Lehenengo eta behin, azal dezagun zer den "euskal txiolaria" UMAPentzat. UMAPek potentzialki euskaldunak izan daitezkeen twitter kontuak identifikatzen ditu (une honetan 50.000 inguru ditugu datu basean). Horien artean begiratzen dugu ea zeintzuk diren benetan maiztasun minimo batekin euskaraz txiokatzen dutenak (txio guztien %20 gutxienez euskaraz idazten dituztenak). Horiek dira, eta ez besterik, sailkapen honetan aurkezten ditugunak: euskarazko kontuak, euskaraz ari diren kontuak.

Eta, horien artean, zeintzuk dira jarraitzaile gehien dituztenak? Ba, gure Ranking eta zerrendetan begiratuz gero, Asier Illarramendi fubolaria litzateke jarraitzaile gehien dituena, tarte handiarekin gainera. Zerrendako aurreneko postuetan, ondoren, gehienbat hedabideak, politikariak eta kirolarekin lotutako kontuak; ezusteko handirik ez, beraz. 

Hedabideen artean Gara, Naiz, Berria eta Argia daude goren, EITBren kontuen aurretik. Politikari dagokionez, bai alderdiak (EHBildu, Sortu eta EAJ) zein politikariak eta politikari ohiak (Otegi, Urkullu, Permach, Barrena, Mintegi,...) agertzen zaizkigu. Horien alboan, kirolarekin lotutako hainbat kontu: aipatutako Illarramendirenarekin batera, Athletic_EUS kontua, Koikili jokalari ohiarena, ETB Kirolak, eta Aspe enpresarena. Lehia horretan borrokan, kulturarekin lotutako beste Twitter kontu batzuk ere azaltzen dira, besteak beste, DSS2016, Tabakalera, EHU/UPV, Nafarroako Unibertsitatea,... eta Gatibu, Fermin Muguruza eta Berri Txarrak musikariak.

Hauexek zerrendako lehenengo 30 kontuak eta euren jarraitzaile kopurua. Bakarren batek ihes egin badigu, eskertuko genuke falta diren kontuen berri ematea (EGUNERAKETA: 3 kontu gehitu ditugu artikulua argitaratu ondoren; azalpenak erantzunetan).

  1. Asier Illarramendi 385.905
  2. Arnaldo Otegi 72.456
  3. GARA 55.644
  4. Athletic Club EUS 47.676
  5. naiz 45.628
  6. Berria.eus 44.967
  7. EH Bildu 43.920
  8. KOIKILI 29.358
  9. Berri Txarrak 28.700
  10. Vitoria-Gasteiz! 28.369
  11. Fermin Muguruza 26.300
  12. ARGIA 25.525
  13. Donostia Kultura 24.359
  14. eitb.eus 22.173
  15. gaztea 21.633
  16. ETB 21.322
  17. EH Bildu Congreso 18.571
  18. Donostia 2016 18.349
  19. Sortu 17.680
  20. UPV/EHU 16.722
  21. EAJ-PNV 16.539
  22. Laura Mintegi 16.496
  23. Tabakalera 15.102
  24. joseba permach 14.973
  25. Gatibu 14.198
  26. Iñigo Urkullu 14.113
  27. Pernando Barrena 13.880
  28. EHBildu - Herriak 13.847
  29. ASPE Pelota 13.820
  30. EiTB Kirolak 13.734
  31. Info7 Irratia 13.693
  32. Educación-Hezkuntza Nafarroa 13.388
  33. EiTB Kultura 13.296

Hizkuntzaren paradoja

Dena dela, azterketa hau egiteko orduan kontuan izan behar da paradoja bat dagoela, gure ustez: kontu batek zenbat eta euskara gutxiago egin, orduan eta jarraitzaile gehiago dituelako (errazagoa baita jarraitzaile erdaldunak lortzea, eta erdaldunak gehiago dira).

Horrela, zerrendako aurreneko postu horietan daude euskara gutxien egiten duten kontuetako batzuk, sarri askotan euskaraz txioen %20-40 besterik bidaltzen ez dutenak (eta zenbait astetan are gutxiago, %10 inguru), hala nola Arnaldo Otegi, Gara, Naiz, Vitoria-Gasteiz, EHBildu Congreso, Donostia Kultura edo ETBren kontu ofiziala bera. Baita Illarra eta Koikili futbolariak ere (nahiz eta horien hizkuntza jarrera asko aldatzen den hilez hil), edota Fermin Muguruza eta Berri Txarrak musikariak (horien kasuan, txio asko elebidunak izaten dira).

Hortaz, egoera kuriosoa daukagu: gaztelaniaz gehien egiten duten txiolariak dira euskarazko twitter kontu jarraituenetako batzuk.

Bestalde, hemen ez ditugu aztertu, noski, erdaraz ari diren euskal herritarrak. Adibidez, Xabi Alonsok 10 milioi jarraitzaile ditu, edo La Oreja de Van Gogh taldeak 530.000, adibide parea jartzearren. Eta politikarien artean, esate baterako, Patxi Lopezek goiko zerrendako edozeinek baino askoz jarraitzaile gehiago ditu.

Zerrendak esparruka aztertuta eta UMAP rankingak

Ranking eta zerrendak esparruka antolatuta kontsultatzeko aukera ere badauka UMAPek. Horrela, adibidez, norbanakoen artean jarraitzaile gehien dituzten kontuak zeintzuk diren ere jakin dezakegu, hedabideak edo erakundeak baztertuta. Izen aipatu ditugu gorago (Illarra, Urkullu, Permach, Koikili,...); horien atzetik etorriko lirateke Iñaki Soto, Xabier Euzkitze, Sabino Cuadra, Lander Arbelaitz, Zuhaitz Gurrutxaga, Zuriñe Hidalgo, Maddalen Iriarte, Josu Erkoreka, Maite Goñi, Bakartxo Ruiz, Kike Amonarriz eta Gorka Bereizartua

Kasu honetan ere, politikari asko aurreneko postuetan, baina baita kazetariak ere, telebistako aurpegi ezagunekin batera. Eta hemen ere, zerrendako lehenengo postuetan azaltzen dira gehienbat gaztelaniaz ari diren zenbait lagun, besteak beste, Soto eta Cuadra (euskaraz %25-30 inguru). Meritu bikoitza, beraz, euskara hutsean arituta hor goian dauden gainontzeko txiolariena.

Gogoan izan behar dugu, ez dela berdina jarraitzaile asko izatea, eta euskarazko txiolarien artean eragin handia izatea. Euskara hutseko jarduna eta eragina aztertzeko orduan, UMAPek beste parametro batzuk aztertzen ditu, non soil-soilik euskarazko jarduna aztertzen den (euskaraz idatzitako txioen eragina euskaldunen artean). Horren arabera sortzen ditugu UMAPeko asteroko rankingak. Eta hor, jakina, gauzak erabat ezberdinak dira!

 

............

Artikulu hau Sustatu.eus weblogean argitaratu zen lehenbizi.

Iruzkindu

Twitter ikonoa

Erantzuna emateko, Twitter bidez erregistratu behar zara.